GENERO INDARKERIA 2020

2019. urtean, Espainako Gobernuko Berdintasun Ministerioak, eskualdeko udal guztiei diru-laguntza kantitate bat eman zuen Genero Indarkeriaren gaia lantzeko. Aitzinetik, 2017an, Parlamentuan parte-hartzen zuten talde guztiek sinatu egin zuten “Pacto de Estado contra la Violencia de Género” izeneko hitzarmena.

Hori dela eta, iaz, emandako diru kantitate horrekin, udal bakoitzak zerbait antolatu beharrean, Malerrekako Mankomunitatetik bideratzea errazagoa izanen litzatekeela adostu zen. Honela ba, urtean zehar, hamaika ekitaldi antolatu ziren, horien artean: hitzaldiak, dokumentalak, antzerkiak, ipuin kontalariak, lila gunea, institutoko tailerrak, etab. Argi zehaztu izan zen gainera, ekitaldi guzti hauen oinarria Genero Indarkeria edota Berdintasunaren lanketa dela.

Aurten, ordea, COVID-19aren ondorioz neurriak zorroztu egin direla eta, herriz herri taldeko ekitaldiak antolatzeko arazo aunitz sortu izan dira. Hori dela eta, honako ekintzak burutzea pentsatu zen: alde batetik, Doneztebeko institutuko horma handian murala egitea, eta beste alde batetik, ikasleek jolastokiko (futbol zelaia) horma margotzea, inguruko gaztetxo guztiak ikastera bertara joaten direla aprobetxatuz. Honez gain, ikasle guztien artean banatzeko boligrafoak egin dira, Malerrekan errespetuzko harremanak leloa adieraziz. Gainera, bertan agertzen diren koloreak murala margotzeko erabili diren kolore berdinak izan dira.

Goiko argazkian ikus daitekeen modura, muralan, indarra eta kemena transmititzen duen emakume eder bat agertzen da. Aukeratutako emakumearen irudi hau, Eulalia Abaitua Allende-Salazar (1853-1943) euskal argazkilariak ateratako argazkian oinarritua dago. Eulalia, bere argazkien kalitate teknikoagatik nabarmendua izan zen; bere garaiko ohiturak, jaiak eta tradizioak biltzeagatik, eta emakumeek protagonismoa ematen dieten zereginak zein jarrerak erretratzeagatik, hain zuzen ere. Hori dela eta, muralan, emakumearen irudiaz gain, zenbait lanetarako beharrezkoak zaizkigun tresnak ikus daitezke.

Bestetik, berriz, jolastokiko horman, boligrafoetan adierazten den bezala, ikasleen laguntzaz Malerrekan errespetuzko harremanak leloa margotu da. Ekintza honen bitartez, ikasleen partaidetza sustatzeaz gain, Malerrekan genero berdintasuna eta berdinen arteko errespetua sustatzen dugula islatu da.

Erran bezala, herri guztien diruarekin ordaindu da guztia, osotara 9.928,80€-ko kostua izanik.

GENERO INDARKERIA 2020
GENERO INDARKERIA 2020
GENERO INDARKERIA 2020