Mancomunidad de Malerreka

02/03/2026

‘Emakume* izateko 60 modu’ euskarazko liburuen gida

Nafarroako mendialdeko berdintasun eta euskara zerbitzuek EMAKUME* IZATEKO 60 MODU euskarazko liburuen gida kaleratu dute

Martxoaren 8an Emakumearen Eguna dela eta, Malerrekako, Baztango, Bortzirietako, Larraun aldeko, Leitza aldeko, Ultzama aldeko eta Sakanako berdintasun eta euskara zerbitzuek Emakume* izateko 60 modu izeneko irakurketa-gida kaleratu dute.

Bertan emakumeak protagonista diren liburuak agertzen dira, guztiak euskaraz. Gidan liburu berriak zein klasikoak daude, eta adinaren arabera daude sailkatuta. Generoari dagokionez, era guztietako liburuak daude. Irudiak Anne Baskaranenak dira.

Xedea da berdintasunari loturako baloreak zabaltzea euskarazko kalitatezko liburuen bidez. Hautatutako liburuek hausnarketarako parada eman nahi diete adin guztietako irakurleei. Horretaz gain, emakumeek bizi dituzten hainbat errealitate ezagutzeko aukera eskaini nahi du. Horiek horrela, genero berdintasunera eramango gaituen bidean, proposatutako zerrenda lagungarri izatea nahi dugu.

2.000 gida banatu dira eskualdean, eta doan, aipatutako eremuetako toki publikoetan. Malerreka-Bertizaranaren kasuan: Doneztebeko, Iturengo, Legasako, Narbarteko, Saldiasko eta Sunbillako eskoletan, Mendaur institutuan eta Doneztebeko liburutegian, besteak beste.

Hona hemen erakunde antolatzaileak: Malerrekako Mankomunitatea, Bortzirietako Zerbitzuen Mankomunitatea, Baztango Udala, Sakanako Mankomunitatea eta Iparraldeko Euskara Mankomunitatea.

HEMEN duzue bertsio digitala, eskura: Irakurketa Gida 2025