‘Egin nirekin ere euskaraz!’ kanpaina beste herrietatik etorri eta euskara ikasten ari direnak ikusarazteko
Abian da berriro ‘Egin nirekin ere euskaraz!’ kanpaina. Hirugarren urtea du UEMAren kanpaina honek, eta Euskal Herrira etorri diren eta euskara ikasi duten edota ikasten ari diren euskal herritarrei aitortza egin nahi die aurten, batetik edo bestetik etorri arren denak bertakoak eta euskaldunak direla nabarmenduz.

Erdaraz hasten zaizkie herritar asko, kanpokoak direla adieraziz zeharka; euskaldunak dira, ordea, eta bertan bizi dira: Arantza, Leitza, Lekunberri, Basaburua, Hondarribia, Lezo, Zumaia, Ikaztegieta, Segura, Gatika, Ondarroa, eta Igorren bizi dira, esaterako, aurtengo kanpainan parte hartu duten euskaldunak.
Gaztelera, hassaniera, arabiera, koreeera, portugesa edo amharera jaso dute etxean, besteak beste. Euskara, beraz, ez da beraien lehen hizkuntza, baina euskara ikasi dute eta ikasten ari dira, eta euskaraz aritu nahi dute herritarrekin.
Askotan, ordea, azalaren koloreagatik, aurreiritziengatik edota auskalo zergatik erdaraz hitz egiten diete gainerako herritarrek. Badakite, ordea, euskara dela zubirik ederrena, eta euskara ukatzen dieten bakoitzean zubia ere ukatzen dietela sentitzen dute. Kanpokoak direla esaten zaiela zeharka. Horregatik, beraiei ere euskaraz egitea nahi dute. Gustatzen zaielako, eta euskaldunak ere sentitzen direlako.
Informazio gehiago nahi baduzue klikatu hemen