Herritarren ekarpenek emango diote forma Malerreka eta Bertizaranako I. Berdintasun Planari

Malerreka eta Bertizaranako Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzuak eskualdeko I. Berdintasun Plana diseinatzeko prozesuan urrats garrantzitsuak eman ditu azken hilabetean. Diagnostikoa publiko egitea eta Baztan eta Bortzirietako Berdintasun politiken inguruko inspiraziorako mahai-inguruaren ostean, herritarrentzako galdetegia zabaldu zuen Berdintasun Zerbitzuak martxoaren 9tik 29ra. Galdetegiari esker jasotako herritarren kezkak, beharrak eta proposamenek emango diote forma Bertizarana eta Malerrekako Berdintasun Planean jasoko diren helburu, programa eta ekintzei.
Hurrengo urratsak
Behin herritarren ekarpenak jaso eta aztertuta, Berdintasun Zerbitzua Planaren lehen zirriborroa lantzen ari da. Zirriborroa, lehenik administrazio barruan kontrastatuko da maiatzean zehar, eta ondoren, herritar eta arduradun politikoekin ekainean.
Galdetegian jasotako erantzunak
Guztira 97 pertsonek hartu dute parte WhatsApp bidez zabaldutako galdetegian. Parte-hartzaileen profila honako hau izan da:
- % 80 emakumeak.
- % 17 gizonak.
- % 3 pertsona ez-bitarrak.
Emaitzek argi uzten dute herritarrek gaiari ematen dioten garrantzia: 1etik 5era bitarteko eskalan, 4,71ko puntuazioa eman diote Berdintasun Plan bat izateari. Gainera, parte hartu dutenen % 74ak interesa agertu du Planaren zirriborroa ezagutzeko eta prozesuan jarraitzeko. Badira, hala ere, kontrako iritzia adierazi duenik. Galdetegia erantzun dutenen % 2k (bi lagun) gizonen aurkako indarkeria salatu behar dela uste du, eta berdintasun politikak urrunegi joan direla. Erantzun horiek egungo gizartearen ikuskera islatu dutela ulertzen du Berdintasun Zerbitzuak eta lanean jarraitzeko beharra agerikoa dela.
Herritarrek adierazitako ekarpenak
Galdetutakoen % 64ak onartu du oraindik ez zuela aurretik egindako diagnostiko teknikoa ezagutzen. Hala ere, herritarrek oso argi identifikatu dituzte gure bailaretan oraindik irauten duten oztopoak eta genero-arrakalak. Jasotako erantzunen bidez, Berdintasun Zerbitzuak 7 gai nagusi identifikatu ditu Planaren bidez lantzeko:
- Sentsibilizazioa eta hezkuntza komunitatearekin elkarlana (33 aipamen): Haur eta gazteekin lanketa sakonagoak egiteko beharra adierazi dute partaideek, baita herritar guztiendako tailerrak antolatzea ere, lehentasunezko gaitzat jo da.
- Espazio Publikoa eta jaiak (15 aipamen): Emakumeak espazio publikoan gizonek haina parte hartzeko zailtasunak daudela oraindik adierazi dute, kirol eta kultur ekimenetan, edo joaldunen kasuan. Herriko plazak zein elkarteak espazio parekideagoak izateko ekimenak eskatu dituzte.
- Zaintza eta erantzunkidetasuna (13 aipamen): Etxeko lanen zama emakumeen gain geratzea oztopo handi gisa ikusten dute herritarrek, eta zaintzaren gaiari garrantzia ematea ezinbestekoa dela.
- Indarkeria Matxista (12 aipamen): “Isiltasun kultura” hausteko eta erasoen aurrean babes-sareak indartzeko beharra azpimarratu da galdetegietan.
- Kolektibo espezifikoen beharrak (7 aipamen): Adineko emakumeen errealitateak, emakume etorkinenak eta genero-disidenteen errealitateak (LGTBI) kontuan hartu eta egoerak hobetzeko eskaerak ere jaso dira, besteak beste.
- Landa-eremuko berezitasunak (5 aipamen): Garraio falta eta “denok elkar ezagutzeak” dakarren presio soziala (indarkeria salatzeko orduan) faktore erabakigarriak dira eskualdean partaide askorentzat.
- Gizonen papera (4 aipamen): Gizonak “izkina batetik” atera eta berdintasun prozesuetan subjektu aktibo bihurtzeko tailerren beharra aipatu da behin baino gehiagotan.
Berdintasun Zerbitzuaren balorazioa
Berdintasun Zerbitzuak eskerrak eman nahi dizkie parte hartu duten herritar guztiei:
“Jasotako erantzun kopuruak eta iritzien sakontasunak erakusten du Malerrekak eta Bertizaranak berdintasunaren bidean urrats sendoak emateko gogoa dutela. Plan honen bizkarrezurra herritarren ahotsa izanen da”.