Malerrekak eta Bertizaranak I. Berdintasun Plana onartu dute
Malerrekak eta Bertizaranak badute dagoeneko emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko lehenbiziko plana. I. Berdintasun Planak 2026tik 2032ra bitarteko berdintasunaren aldeko lan-ildo nagusiak jasotzen ditu.

Malerrekako Mankomunitateko Berdintasun Batzordeak ekainaren amaieran onartu zuen plana, eta Mankomunitateko Batzar Orokorrak uztailaren hasieran eman zion behin betiko onarpena. Horrela, eskualdeak datozen urteetan berdintasunean aurrera egiteko bide-orria izanen du.
Plana herritarren, elkarteen, udal eta Mankomunitateko ordezkarien eta langileen ekarpenekin osatu da, eta Malerrekako eta Bertizaranako errealitateari eta beharrei erantzutea izan du helburu.
Parte-hartze zabaleko prozesua
Plana prestatzeko prozesuak hainbat urrats izan ditu. Lehenik, Baztanen eta Bortzirietan azken urteotan berdintasunaren arloan egindako lana ezagutzeko inspirazio-saioa egin zen. Ondoren, herritarren iritziak jasotzeko galdetegia zabaldu zen, eta hainbat lan-saio egin ziren udal eta Mankomunitateko langileekin, ordezkari politikoekin, gizarte zerbitzuetako teknikariekin eta osasun etxeko profesionalekin.
Azkenik, planaren zirriborroa herritarrei aurkeztu zitzaien kontraste-saio ireki batean, azken ekarpenak jasotzeko.
Prozesu horretan 2024an egindako diagnostiko parte-hartzailean jasotako ekarpenak hartu dira oinarri, eta horiei aurten egindako prozesuan jasotako ekarpenak gehitu zaizkie: inspirazio-saioan parte hartu zuten 21 lagunen iritziak, herritarren galdetegia bete zuten 97 pertsonen ekarpenak, eta kontraste-saioetan parte hartu zuten udal eta Mankomunitateko ordezkarien eta langileen, mugimendu feministako kideen eta herritarren proposamenak.
Berdintasunerako lau erronka nagusi
Prozesuan zehar jasotako ekarpenek hainbat kezka eta erronka azaleratu dituzte. Bertzeak beste, herritarrek nabarmendu dute garrantzitsua dela berdintasuna haur eta gazteekin lantzea, indarkeria matxistaren prebentzioa indartzea, gizonek berdintasunaren aldeko lanean parte-hartze aktiboagoa izatea eta emakumeek herriko bizitzan duten presentzia eta aitortza handitzea.
Halaber, genero-rol eta estereotipoek kulturan, kirolean, aisialdian eta bestetan oraindik duten eraginari buruzko kezka ere agertu da.
Ondorio horiek oinarri hartuta, I. Berdintasun Planak lau erronka nagusi ezarri ditu:
- Administrazioaren jardunean berdintasuna txertatzen jarraitzea.
- Indarkeria matxistaren aurkako lana sendotzea.
- Emakumeen parte-hartzea eta sareak indartzea.
- Herritar guztiekin batera berdintasuna sustatzea.
Planak, gainera, argi uzten du berdintasuna ez dela Berdintasun Zerbitzuaren ardura bakarrik. Udaletako eta Mankomunitateko arlo guztiek eta eskualdeko eragileek badute zer egin, eta elkarlana izanen da planaren garapenerako giltzarrietako bat.
Hemendik aitzina, plana martxan jartzea
Malerrekako Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzuak eskerrak eman nahi dizkie prozesuan parte hartu duten pertsona eta eragile guztiei. Jasotako ekarpenek aukera eman dute eskualdearen behar eta errealitateetatik abiatutako plana osatzeko.
Hemendik aitzina, adostutako neurriak pixkanaka martxan jartzea izanen da erronka nagusia, berdintasuna Malerrekan eta Bertizaranan eguneroko bizitzan gero eta presenteago egon dadin.
I. Berdintasun Plana Malerrekako Mankomunitateko webgunean dago herritarren eskura, dokumentua kontsultatu eta bertan jasotako lan-ildoak ezagutzeko.