Malerrekako Eguna 2026 Legasan ospatuko da maiatzaren 30ean
Maiatzaren 30ean, larunbata, Legasak hartuko du aurtengo Malerrekako Eguna, Malerrekako herritarrak elkartu, harremanak sendotu eta eskualdeko kultura, musika eta tradizioak ospatzeko egun berezia.

Malerrekako Mankomunitateak eta Legasako herriak elkarlanean antolatutako jardunaldiak adin guztietarako ekitaldiak eskainiko ditu goizetik gauera arte.
Eguna 10:30ean hasiko da harrera ekitaldiarekin. Bertan, herrietako ordezkariek ongietorria emango diete bertaratutakoei, eta Bertizaranako Udalak herriko adinduei eskainitako omenaldia eginen da. Ondoren, Malerrekako musikariak herrian barna ibiliko dira giroa alaituz.
Goizean zehar artisau eta talogileen postuak izanen dira, baita dantzariak, buruhandiak eta herri kirol erakustaldiak ere. Eguerdian, joaldunak eta herri bazkaria izanen dira protagonista.
Arratsaldean, Malerrekako Mus Txapelketaren finala jokatuko da, eta ez dira faltako batukada, kale animazioa, musika, buruhandiak eta haurrei zuzendutako jolas eta tailerrak. Eguna sari banaketarekin eta afariarekin amaituko da.
Malerrekako Eguna urtez urte eskualdeko topagune garrantzitsua bihurtu da: herrien arteko loturak sendotzeko, tokiko kultura eta ohiturak balioan jartzeko eta belaunaldi ezberdinen arteko harremanak sustatzeko aukera paregabea. Antolatzaileek herritar guztiak animatu nahi dituzte Legasara hurbildu eta egunaz gozatzera.
Halaber, joan-etorriak errazteko, egun osoan zehar autobus zerbitzu berezia eskainiko da Malerrekako hainbat herritatik.