Tamaina handiko hondakinen arazoa Malerrekako eta Bertizaranako hainbat herrietan
Malerrekako Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako hainbat edukiontzi-guneetan tamaina handiko hondakinak botata agertzen dira maiz, eta aspalditik gertatzen ari den egoera da.

Mankomunitateko arduradunen esanetan, “ohikoa da zaborra eta tamaina handiko hondakinak edukiontzietatik kanpo agertzea. Ez dira kasu isolatuak; aitzitik, Mankomunitatea osatzen duten herri gehienetan gertatzen ari den arazoa da”.
Horren harira, indarrean dauden arauak betearazteko kontzientziazioa eta kontrola areagotzeko asmoz, Mankomunitateak 2025ean Nafarroako Gobernuko Hondakinen Funtsaren laguntzarekin hasi zuen kanpainari jarraipena emango dio udaberri honetan.
Kanpainaren helburua da herritarrek mota horretako hondakinak Doneztebeko garbigunera eramatea, horretarako ezarrita dauden egun eta ordutegietan. Horrez gain, zein hondakin eraman daitezkeen eta zeintzuk ezin diren utzi argitzeko informazioa ere ematen da.
Joseba Sanchez mankomunitateko teknikariak gehitzen duenez, “askotan hondakin mota horiek ez dira modu egokian kudeatzen, kalean bertan uzten baitira. Jokabide horrek arazo handiak sortzen ditu: zikintasuna, eta herritarrentzako arriskuak, besteak beste”.
Mankomunitatetik gogorarazi nahi da espazio publikoaren zaintza guztion ardura dela. Hondakinen gaikako bilketa behar bezala egitea eta tamaina handiko tresnak garbigunera eramatea norberaren ardura da. Horregatik, beste behin ere, sistema modu egokian erabiltzeko deia egiten zaie herritarrei.
Amaitzeko, Mankomunitateak beharrezkotzat jotzen du kontzientziazioa eta kontrola indartzea. Horregatik, kanpainaz gain, indarrean dauden arauak betearazteko neurriak areagotuko dituela adierazten du, “Malerrekako Mankomunitatea osatzen duten udalerriak guztion artean txukun mantentzeko gai izan gaitezen”.
