Mancomunidad de Malerreka

16/02/2026

Malerrekako Mankomunitateak 2026an I. Berdintasun Plana diseinatuko du

Malerrekako Mankomunitateak 2026an zehar bere lehen Berdintasun Plana landu eta onartuko du, eskualde bidezkoago eta berdinzaleago baten alde urrats sendoa eginez. Prozesua Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzuak gidatuko du, Elhuyarren laguntza teknikoarekin, baina herritarren, eragile ezberdinen eta 13 udalerrien parte-hartzea izanen du oinarri.

Plana ez da hutsetik abiatzen. 2024an argitaratutako Malerrekako Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzko diagnostikoak agerian utzi zituen hainbat desberdinkeri: soldata-arrakala (%21,5), zaintza-lanen feminizazioa, biztanleriaren zahartzea, eremu publiko eta politikoan dagoen genero-desoreka eta indarkeria matxistaren presentzia, besteak beste. Egoera horri aurre egiteko, 2025ean Berdintasun Teknikaria kontratatu zen, eta orain urrats berri bat emanen da Planaren bidez.

Prozesuaren lehen hitzordu publikoa martxoaren 3an izanen da Donezteben (Nafar Lansareren egoitzan, 19:00), mahai-inguru ireki bat izanen da. Bertan, inguruko eskualdeetako esperientziak partekatuko dira, Malerrekarako eta Bertizaranarako egokienak izan daitezkeen ildoak identifikatzeko.

Herritarren ekarpena jasotzeko, galdetegi bat ere zabalduko da herrietako WhatsApp taldeen bidez, kezkak, lehentasunak eta proposamenak biltzeko. Udaberrian barne-lanari begirako saio bat eginen da udal eta Mankomunitateko arduradun eta teknikariekin, eta ekainaren 13an ekitaldi ireki bat antolatuko da prozesua herritarrekin kontrastatzeko.

Malerrekako Mankomunitateak herritar guztiak gonbidatu nahi ditu prozesuan parte hartzera eta eskualde berdinzaleago bat eraikitzeko bidean ekarpena egitera

Informazio gehiago nahi izanez gero Malerrekako Mankomunitateko berdintasun zerbitzuarekin harremanetan jarri.